XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IRAKURLEARI

Esku artean duzun lan honek orain arte euskal hiztegigintzak bete gabe zuen hutsuneetako bat nabarmentzen du.

Berau da, sarrerak ez alfabetikoki bakarrik, baizik esanahiaren arabera ere ordenatzen dituen lehen euskal hiztegia, aurretik saio mugatu batzuk egin badira ere.

Inguruko erdaretan aspaldidanik zeuden horrelako hiztegiak, eta gurean Andoni Urrestarazu Umandi arabarra izan da tamaina honetako lan eskerga burutu duen bakarra, gaur arte argitaragabea zena.

Hamar urte luze behar izan zituen hiztegia osatzeko.

Eta sarrera gutxi batzuk falta omen zitzaizkionean joan zen gure artetik 1993an.

Hemen utzi zituen, ordea, kartoizko kaxetan jasotako ia 385.000 paperezko fitxa.

Lan erraldoi hau izan zen Umandiren azkena. Baina ez bakarra.

Espetxean eta erbestean igarotako nekeei aurre eginez, etengabeko ahaleginean jardun zen euskararen alde.

17 urterekin euskara ikasten hasitako mutiko haren kezka nagusietako bat izan zen euskararen irakaskuntza.

Urte asko eskaini zizkion euskara irakasteari, eta xede horrekin gauzatu zituen bere liburu gehienak ere.

Horrela, 1955ean Gramática Vasca arrakastatsua argitaratu zuen.

Haren ondotik etorri ziren, besteak beste, Bizkaierazko aditz-erak (1955), Euzkal-eliztiaren betebidea (1977), Euzkal-elizti laburra ( 1986- 7), eta Euzkal-eliztia (1989), erdarazko gramatika hura bera, baina oraingoan euskaldunentzat egokitua.

Umandik bere lanetan zerabilen euskara ez zen batua; ez zuen inoiz onartu Euskaltzaindiak 1968tik aurrera eginiko bidea, euskara batuak hizkuntzari kaltea baino ez zekarkiola uste zuelako.

Berak, Azkueren Gipuzkera osotua (1936) izan zuen eredu; gipuzkera oinarritzat hartu eta gainerako euskalkiekin aberastuko zuen euskararen aldeko apustua egin zuen.

1992an Euskerazaintza herri-akademiak Euskerazain Oso izendatu zuen.

Urte bete geroago Euskaltzaindiak Ohorezko Euskaltzain izendatu nahi izan zuen, baina Umandik uko egin zion, bizi guztian defendatu zuenari eutsiz.